Denok gara 8719600510 presoa


Su-eten aldebakarreko eta mugagabe bat iragarri zuen ETAk, 1998ko irailaren 16an. Aldi hark 14 hilabetean baino ez zuen iraun, hurrengo urteko azarora artean, eta are nabarmenago egin zuen ezker abertzalean sortutako figura berri bat: Arnaldo Otegi. Gogoan dut nola erantzun zion galdera bati, arranditsu, su-etenaren iragarpenaren ostean egunkari katalan batean egin zioten lehenbiziko elkarrizketetako batean: «Ez litzaidake axolako Euskadiko Gerry Adams izatea». Hain zuzen ere, esaldi huraxe baliatu zuen kazetariak titulurako.

Ez zigun belarriko minik egin askori, hura irakurtzean gogora etorri baitzitzaigun Lizarrako Itunaren egile intelektualetako bat izana zela, eta, gainera, buruzagi irlandarra bezala, erakunde armatuko kide izana; beraz, litekeena zen goranzkoren bat izatea artean ere. Hala, figura itxaropentsu bat sortu zen, bere aldeko bazterretik gobernatu ahalko zuena bakebiderako negoziazioan.

Gertakari hartatik 15 urtera, kartzelan oraintxe lau urte bete dituela, talde armatu bateko kide izateaz akusatua Bateragune alternatiba eratzeagatik, eta horrexegatik atxilotu, epaitu eta kondenatua. Bateragunek, hain zuzen, prozesu bat ekarri zuen berekin, ezker abertzalea bakearen bidetik eramateko eta ETA erakunde terroristari presio egiteko hark bere indarkeria antzu eta krudela amai zezan.






Ganorazko bake prozesu bat burutan ateratzeko, ezinbestekoa da buruzagiak izatea esparru politikoan zein «militarrean», prozesua bultzatzeko eta sendotzeko ez ezik, aginpidez jarduteko nork beretarrekin, eta Otegik aginpidea duela erakutsi du.

Harekin egokitu nintzen, besteak beste, 1999an Bartzelonako Unibertsitatean Espainiako trantsizioari buruz antolaturiko ikastaro batean; Joseba Egibar ere tartean izan zen eztabaida hartan, eta gero liburu ezinago interesgarri batean jaso zuten. Gustatu egin zitzaidan Otegiren jardunaren parte bat, ezkerrekotasun zantzu arin bat baitzekarren.

Ordu hartan, zera esan zuen Ezker Abertzalearen erronken harira: «Nola aurre egin behar diogu XXI. mende honetako globalizazio ekonomikoari, neoliberalismoak egunero mahai gainean jartzen dizkigun arazoei: hala nola ingurumen, enplegu, gizarte, lurralde antolamendu, eta beste hainbat alorretakoei? Alegia, nola iraungo dugu bizirik mundu ekonomikoki globalizatu honetan, eta zer-nolako konponbide estrategikoa eman behar diegu euskaldunen eguneroko arazoei». Ez da ezkerreko azterketa klasiko baten eredu, baina ezta ohiko «txota, zaldia, eta erregea» ere.

Kartzelan lau urte bete dituen honetan, denok gara 8719600510 presoa —zenbaki hori du—, eta galdera hauxe datorkigu burura: hura kartzelan edukitzea kaltegarria edo onuragarria da hasi berri den bake prozesurako?

Batasunak adierazi du eragotzi egiten duela, eta, politikan haiengandik urrun eta haiekin erabat desados egonagatik, bat nator azterketa horretan. Ez dauka inolako zentzurik, ez ikuspegi juridikotik, ez politikotik, ez eta ikuspegi intelektual hutsetik begiratuta ere.

Otegik urte hauetan erakutsi du horixe zor diogula, besteak beste, bake sendo baten atarian egotea oraintxe. Ausardiaz jokatu zuen: Ezker Abertzaletik aurpegi eman zion ETAri une erabakigarri batean, eta ideologia aldetik mendean hartu zuen, Otegik berak, Rafa Diezek, Miren Zabaletak, Pernando Barrenak, Rufi Etxebarriak eta, lehenago, Patxi Zabaletak ere irekitako eztabaida baten bidez. ETAk su-etena iragarri baldin bazuen, ustezko desarmatze bat onartu baldin bazuen eta, azkenik, desagertzen baldin bada, bere garaian ildo horretatik jo zuen talde horren ahaleginari eskerrak izango da.

Otegi kanpoan izatea, hain zuzen, lagungarria izango litzateke aukera politikoa ezartzeko gogorrek oraindik tinko dirauten fronte horretan: kartzeletan. Horrez gainera, sendotu egingo litzateke barne eztabaida, alegia, ezkerraren edo nazionalisten indarra izan behar ote duen Batasunak, edo haren osagai ideologikoa gailendu behar zaion ikuspegi erraietiko huts-hutsari edo tribu bateko kide izateko atxikimenduari.

Borroka berri hau irabazten baldin badu, ezker abertzalea lehenik ezkerra eta gero gainerako guztia baldin bada, ez dirudi burugabea aurreikustea jokaleku berri bati toki egingo zaiola euskal politikan eta Nafarroakoan, jada ETArik gabe. Ez litzateke hain burugabea izango gobernu bat ezkerrekoekin, Euskadin, Patxi Lopez prest egongo litzateke, eta, Nafarroan ere ez, PSNk kateak hausten baldin baditu eskuinarekin eta ezker horren bidetik jotzea erabakitzen baldin badu —behin gaur egungo buruzagitza erabat garbituta—.

Guztion betebeharra da jokaleku berri hori begiztatzen hastea, baina, batez ere, alderdi politikoen betebeharra da. Otegik badu ahalmena ezkerrean, gure indarrak batzeko eta eskuinari irabazteko; gauza da bestelako ezkerrekin hitz egiteko eta hitzarmenak lortzeko. Guzti-guztiekin. Horrexegatik, behar-beharrezkoa eta ezinbestekoa da Otegi aske egotea, berak hasitakoa burura eraman dezan.

Lerro hauen bidez, haren askatasunaren alde egin nahi dut, jakinik ere hutsaren hurrengoa dela inor konbentzitzeko nire ahalmena, baina, gutxienez, adierazpen askatasunerako toki hauxe baliatu nahi dut nire iritzia emateko —haize kontra, ia beti bezala—, eta adierazteko nire desio hau gaur zilegi izan dadila.

Askatasuna Otegirentzat! Militante sozialista naizen aldetik —ezker espainoleko militante zaharra—, eskatu nahi diot nire alderdiari, PSOEri, gauza izan dadila berriro sustatzeko bake prozesua, geldi baitago, era arriskutsuan, eta, lehen neurri gisa, Bateraguneko bostak kartzelatik ateratzeko eska dezala. Gogora ekarri nahi dut, halaber, 2011ko uztailean egotzi nindutela PSOEtik, PSNko Torquemadem eskariz, hauxe esan nuelako: «Otegi lanean ari da Batasuna barruan, hura bakearen bidetik eraman ahal izateko». Historiak emana du gogoeta haren inguruko epaia.




 
Jose Luis Uriz Iglesias
PSNko parlamentari ohia eta zinegotzia; gaur egun, PSCko militantea


Comentarios

Entradas populares de este blog

Comunicado de apoyo a Odón Elorza

Mensaje de mi madre de 95 años a los progresistas que dudan si votar o no