Hoy entrevista en el diario BERRIA
José Luis Uriz. Billy el Niñoren torturak jasandakoa
«Edozein unetan, lepo hezurra hautsita, han gera gintezkeen sentipena genuen»
Arantxa Iraola
Barrena irauli zaio egunotan Jose Luis Uriz politikariari (Madril, 1948) Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño-ri buruzko albisteak aditu dituenean. Unibertsitate sasoian, PC Alderdi Komunistako eta CCOO sindikatuko militantea zela, bitan atxilotu zuten, eta bietan polizia ohiaren torturak jasan zituen. «1969-1970 urteetan izan zela uste dut», esan du. «Ez nago seguru. Bietan negua zela, hori bai, gogoan dut». Ez du hotza ahaztu. Mina ere ez.
Bi aldiz egon zinen Gonzalez Pachecok zuzendutako polizia talde batek atxilotuta. Zer oroitzapen dituzu?
Oso esperientzia gogorra izan zen, bizi osorako aztarna lagatzen duen horietakoa. Garai hartan, gainera, atxilotu eta desagertu egiten zinen; inork ez zekien atxilotuta nengoenik. Nire familiak jakin zuen Madrilgo erietxe guztietatik galdezka pasatu eta gero.
(El la foto con mis camaradas Manolo Galán, torturado también por Billy, Yagüe y sus secuaces de la BPS y Guille)
Atxiloaldiko tratua nolakoa zen?
Billy el Niño gizon txiki bat zen, argala. Nik harekin izandako esperientzia ikaragarria izan zen hasiera-hasieratik; nirekin batera beste lagun bat atxilotu zuten, oso handia. Eskuburdinak estu geratzen zitzaizkion, mina zuen, eta halaxe jakinarazi zuen automobilean gindoazela; Billyk, aditu orduko, ukabildakaka eraso zion, eta txiki-txiki eginda laga zuen. Zer egiten ziguten? Ba etenik gabeko galdeketak egiten zizkiguten, eta kolpeka eta ostikoka ibiltzen zitzaizkigun ia beti. Gero, sarritan, polizia bat etortzen zitzaigun, itxuraz onberagoa, deklara genezala esateko. PCn militatzen hasi ginenean hainbat ikastaro egin genituen, inoiz atxilotzen bagintuzten zer gerta zitekeen jakiteko, eta han esandako dena betetzen zen atxiloaldietan.
Ikasitako teoria hori guztia praktikan ikusi zenuten zuek, beraz...
Egoera larrigarrienetarikoak izaten zen galdeketetara deitzen gintuztenean. Zenbaitetan ia etenik gabe eramaten gintuzten, eta erotzekoa izaten zen hura. Billy el Niño sarri askotan, galdeketetan, gure atzean jartzen zen, eta kolpe handiak ematen zizkigun garondoan. Edozein unetan, ihes egiten bazion, hantxe lepo hezurra hautsita gera gintezkeen sentipena izaten genuen, eta horrek eragiten zuen zinez larritasun handia.
Berrogei urte baino gehiago pasatu dira hori jazo zenetik. Gaur azaldu da, lehenengoz, justiziaren aurrera. Zer sentipen eragiten dizu horrek?
Ni PCko militantea izan naiz, eta 1990etik PSOEkoa. Beti iruditu zait tamalgarria PSOEk, boterean egon den neurrian, gai honen inguruan deus ere ez egitea. Egia da Amnistiaren Legea hor dagoela; ez genuen espero, ordea, lege hori frankistak babesteko izatea. Trantsizioaren defendatzailea naiz ni, baina hainbat gauza ez ziren ondo egin aro horretan, eta horietako bat hau izan zen; diktaduran benetako basakeriak egin ziren, eta horiek ez lirateke inoiz ere barkatu behar. Argentinako epaile baten parte hartzeak harridura eragiten du, baina ongi hartzeko modukoa da.
Zertarako balioko du honek denak?
Badakit oso zaila dela berak ordaintzea. Tira, hein batean, ja ordaintzen ari da; gaur [atzo]Auzitegi Nazionalera joan behar izan du, eta erdi ezkutatuta atera da handik. Jendea atxilotzen zuen sasoian oilar bat zen; babesgabeak kolpeka txikitzen zituenean, burutik poltsa bat sartzen zizunean, makurkerietan aritzen zenean... Ausarta zen orduan. Orain ez, orain erdi ezkutuan atera behar duen koldar bat da. Baina badut beste gogoeta bat auzi honen inguruan egiteko. Non da ezkerra? Non da nire alderdiko jendea? Eta Ezker Batukoa? Gu borrokan aritu ginen; PCko jendeak lan handia egin zuen frankismoaren kontra. Non daude orain alderdi horiek? Badakit, esaterako, Bilduko hainbat kide Buenos Airesen daudela, ondo dago hori. Baina non daude nire alderdikoak? Lehen lerroan egon ginen gu.
Comentarios
Publicar un comentario