'Quo vadis', PSOE? Artículo publicado en BERRIA el 9 Noviembre 2013

 

'Quo vadis', PSOE?


José Luis Úriz
PSNko parlamentari ohia eta PSCko gaur egungo militantea

Asteburu honetan egingo dute PSOEren Konferentzia Politikoa; esperantza handia dute jarria konklabe horretan, herrialde honetako ezkerrari behingoz bestelako bultzada bat emango diolakoan.

Asko hitz egin da horretaz. Eskuin politiko, sozial edo mediatikoko jendea, haren helmena gutxitu nahian batzuetan eta hartan eragin nahian besteetan, alderdiaren beraren egituretatik eta bere buruarekiko atseginez, emaitzak eskumenetik ihes egin ez diezaien. Zuzendu beharra dago, baina ez bat-batean, hala diote; ideologia ere berritu beharra dago, baina pasatu gabe: eta, batez ere, ez dira ukitu behar, edo ahalik eta gutxien ukitu behar dira, haien aginte eliteko kideak, edo, bestela esanda: dena da aldagarri, ni izan ezik.

Nolanahi ere, kontu bat argi eta garbi dago, eta horretan bat datoz denak: konferentzia hori ezinbestekoa da alderdia leheneratu dadin edo behin betiko hondora dadin, krisialdi ezinago sakonean baitago 2010etik, ezkerreko nortasun ezaugarriak galtzen hasi zenez geroztik. Zapatero ganorazko presidentea izan zen lehen legealdian, baita bigarrenaren hasieran ere, eta eragin handiko erreformak egin zituen eskubide sozialetan; baina krisialdiak harrapatu zuelarik, huts egin zuen, eta ez zen gauza izan ezkerreko jarrera batetik aurre egiteko, eta han-hemengo eskuin ekonomikoaren eta finantzarioaren aginduak betearazi behar izan zituen.

Harrezkero, burumakur ibili da PSOE, baina konferentzia hori inoiz ez bezalako abagunea izango du burua altxatzeko, eta abian jartzeko ezker bat berriagoa, pluralagoa, gardenagoa, demokratikoagoa, are erradikalagoa, bestelako mezu bat eta egitura bat ekarriko dituena. Ezker bat berriro guztien «etxe komuna» izango dena, eta gai izango dena gizarte umezurtz eta galdu baten buru izateko eta ongizatearen estatuari inoiz egindako erasorik handiena geldiarazteko.
 

Horretarako, beharrezkoa eta ezinbestekoa da diskurtsoa berritzea eta, besteak beste, baita ildo ideologikoa ere, ezkerraren lehengo ezaugarriak berreskuratuta, gaur egun inoiz baino beharrezkoagoak eta gaurkoagoak baitira, eta haren egitura zaharkituak eraldatzea, boterean bertan goxo egin duten jendez beteta baitaude. Urte askoan daude hor, inoiz berritu ez direla, eta hori antzeman egiten da. Ezin liteke, ez da zilegi norbait 24 urterekin sartzea alderdian eta postuz postu igoz joatea —dena delako erakundetan edo alderdiaren barruan—, eta, aldaba onak izan dituelako, Telefonican, Iberdrolan edo kutxaren batean amaitzea bere lan bizitzaren hondarrean. Halakorik ez dagokio ezkerrari, eta iraingarria da gure oinarri sozialarentzat.

Bere diskurtsoan sartu beharko ditu osagai ausartak, berritzaileak, inolako beldurrik eta izurik izango gabe gaur egun mundua kontrolatzen duten botere faktikoei, izan finantzario, mediatiko edota erlijioso, nazional edo nazioarteko. Herrialde honek PSOE erradikal bat behar du, forman zein edukian gai izango dena hizkuntza berean komunikatzeko gainerako ezkerrekin: IU, ERC, Bloke Nazionalista Galegoa, Bildu… Eta haien buruzagi izateko, aurrerabiderako bloke bat osatuz, ahari buru moduko bat eraikiko duena menderatuta gauzkan botere faktiko honek egindako harresiko ateak eraisteko. Alderdi bat, prozesu iraultzaile bezain berritzaile baten buru izango dena. Horretarako, ezbairik gabe, eskuzabaltasun dosi handi bat beharko da.

Barrenetik ere berrituta irten behar du alderdiak, aniztasuna eta adierazpen askatasuna errespetatu beharko ditu, eta behin betiko lurperatu torquemadatarrak, eta dena delako joerak onartu eta bultzatu, eta ezinago gardena beharko du izan, behingoz ezabatuta arropa zikinak etxean garbitu behar direlako uste makurra. Alderdi berri bat gizartetik ikusi behar da, oso-osorik; horretarako, kristalezko eraikin bihurtu beharko dituzte Ferraz 70 eta beste hainbat egoitza, gizarteak une oro ikusteko modukoak.
 

Legealdiak gehienez ere bi urtekoak izatea zorrotz aplikatu ez ezik, muga hori kargu guztiei ere aplikatu beharko zaie, eta, gutxienez, bi legealdiren buruan baino ez du bete ahal izango edonork beste kargu bat; horretarako, aldi horretan guztian gizarte segurantzan kotizatzea eskatuko zaio, eta, hala, aberasgarria eta etengabea izango da gizarte-alderdi arteko eman-ekarria, urte hauetan gailendu bezalako burokrazia makurrak saihesteko.

Zerrenda irekiak, aldaketa bat proposatzea gaur egungo hauteskunde sistema bidegabea proportzionalagoa izan dadin, hauteskunde barrutien araberako hauteskunde sistema zuzenago bat ezartzea, primarioetako hauteskunde maila guztietan, baita barne karguetarako hauteskundeetan ere. Jokabide ereduzko bat eratzea, zenbaitzuetan bidegabea izan baliteke ere; norbaiti zerbait inputatuz gero, berehala utzaraztea kargu guztiak; eta abar eta abar.

Beste osagai garrantzitsu bat da, halaber, PSOE berriak beste bultzada bat eman behar diola bake prozesuari, geldirik baitago modu arriskutsuan. Zapaterok ausarki ekin zion, nahiz eta hainbat hutsegite nabarmen izan zituen ere, eta, orain, bururaino eraman beharko du PSOE berritu horrek, eta PP estutu, presoen inguruan dagozkion neurriak har ditzan; batez ere, ETAk desarmatze behin betikoa iragartzen baldin badu. Horri dagokionez, ezinago ausart jokatu beharko du, eragin diezaioten utzi gabe ez biktimen zenbait elkarte moralgaberi eta ez PPren sektorerik muturrekoenari —hala nola Mayor Orejari edo Aznarri berari—, ETA gabe hobeto zirela baino ez baitute erakutsi horiek lotsagabeki.

Azkenik, bada beste gai arantzatsu bat, trantsiziotik konpontzeke dagoen azkenekoa: buru-argi jokatuz konpontzea zentro-periferia arteko harremanak. Azkenaldian, Katalunia izan da, baina Euskadi ere esperoan dago. Horretan ere neurri irudimentsuak, ausartak eta eskuzabalak hartu beharko ditu, eta leheneratu egin beharko du PSCrekiko harremana, eta berreskuratu haren proposamena, hirugarren bidearena, eta hura sendotu, eta argi eta garbi proposatu Estatu Federal bat eratzea, guzti-guztiok eroso egongo garena.
 

Neurri apurtzaileak dira, eta zenbaitzuek urratzailetzat ere joko dituzte; baina edo PSOE, 1990etik kide nauen alderdia, berrituta irteten da konferentzia horretatik —ideia, egitura eta buruzagi berriekin (orain halakorik ez badagokio ere)— edo etorkizun ezinago beltza izango du, egungoa baino askoz ere beltzagoa.

Gure demokraziarentzat arriskutsuak direnez, hainbat proposamen ezin ditugu utzi eta ez ditugu utzi behar alderdi populisten esku —hala nola UPD, Ciutadans, edo etorkizunean ager litezkeen beste batzuen esku—; batez ere, gure oinarri sozialak aldarri ozentzat dituenak eta hemen agerian geratu direnak. Inkestak begiratu besterik ez dago horretaz konturatzeko.

Asteburu honetan PSOEri begiratuko dio ezker sozial eta politikoak. Ez ahal digu huts egingo eta bide zuzena aukeratuko ahal du.

Comentarios

Entradas populares de este blog

Comunicado de apoyo a Odón Elorza

Mensaje de mi madre de 95 años a los progresistas que dudan si votar o no